Euskadi 1907an

'Euskadi 1907an'

1907an, gure herriko hiriguneak hasiak ziren asaldatzen –Nerbioi itsasadarreko ezkerraldekoak batik bat- bertan ezartzen ziren industriagune handiengatik. Baina orduko Euskal Herria herrialde nekazaria zen gehienbat.
Lurra lantzetik bizi ziren haiek izaera kontserbadore errotua zuten, euskal nekazari-munduaren tradizioek erakusten dutenez. Bizi ere lurrak ematen zuenetik bizi ziren, lurra landuz, uzta bilduz, abereak zainduz, basoko fruituak manipulatuz, etab.
Eta baserria zen jardun eta bizi-esperientzia haren guztiaren epizentroa.
Orduko garai haietan, berdintsuak ziren baserri-jabe txikiaren eta maizterraren baserriak:

Sukaldea zen etxebizitzaren zati nagusi eta garrantzitsuena. Hantxe biltzen zen familia. Beheko su handia, mahaia, eserlekuak, aulki batzuk eta sukaldeko tresneria urria. Beharrezkoa ez zen ezer ez. Alboan korta zegoen, eta hantxe bizi ziren oiloak, txerriak eta behiak denak batera. Abereak eta gizakiak bat eginda zeuden.
Logelak ere ez ziren, bada, luxu handikoak: ohea, kutxa, komoda eta egunero garbitzeko azpila, besterik ez.
Produkzio eta kontsumo unitateari dagokionez, bazegoen lanaren banaketa bat, gizonezko eta emakumezkoen rolek berezkoa dutenaz gain tradizional eta kulturala ere bazena. Gizonak nekazaritza eta abeltzaintzan ziharduen gehienbat, eta baserriaren ordezkaria zen erkidegoaren aurrean. Gazteenek baratzea lantzen zuten eta salerosketa egiten zuten eskualdeko asteroko azoka eta merkatuetan; emakumezkoak etxean gelditzen ziren, abereak eta artasoroak zaintzen; eta nagusiek kortako lan txikiak euren gain hartzeaz gain, kultura-balioak transmititzeko ardura zuten. Lana denentzat zegoen, erruz eta ahitu artekoa.
Apenas zuten nekazaritza-tresnarik, eta janari erreserbak ere urriak ziren, gazituak, ketuak eta kontserbak gehienbat.

Etxearen inguruan, eta gehiago edo gutxiago norberaren ahalen arabera, lur-sailak, soroak, fruta-arbolak eta mendia zeuzkaten.
Eta zenbait zentsu eta zor ere, belaunaldiz belaunaldi heredatutakoak.

Eskasiak, gabeziak eta aukera faltak bultzatuta, behartsuenak lana bilatzen zuten inguruko fabriketan.

XIX. mendeko azken laurdeneko industrializazio handiak langile asko eta asko behar izan zituen, eta baserritar xumeek bertan aurkitu zuten zorrak arintzeko aukera eta euren familiei etorkizun hobea emateko itxaropena.
Itsasoz haraindi emigratzea zen beste aukera bat, populazioaren % 8k hautatu zutena.

Berri onik ere bazen: heriotza-tasa gutxituz zihoan. Baldintza higieniko eta sanitarioen hobekuntza izan zen beherakada honen eragilea. Tasa % 19koa zen. Hala ere, oraindik lau umerik bat gazterik hiltzen zen.
Jaiotza-tasa, aldiz, astiroago jaisten zen. Euskal gizarteari kosta egin zitzaion ikusmolde tradizionalistak albora uztea eta nekez onartu zuen jaiotza-kontrola ezartzea. % 31 ingurukoa zen.

Emakumea 25 urterekin-edo ezkontzen zen, eta batez beste hiru seme-alaba zituen.
Bizi-itxaropena 42 urtekoa zen garai hartan.
Modari buruzkoan, garaiko moral garbi eta eskrupuluz beteak zuzentzen zuen emakumezko haien bizitza. Ezin zuten inola ere orkatila erakutsi, ezta eskote handiko blusak jantzi ere. Emakumearen jantzia osatzen zuen arropa mordoak ondo estaltzen zuen haren gorputza, eta kortseak bakarrik zizelkatzen zuen.

Arropetako asko etxean egiten ziren, gizalabek egindako lihoarekin. Arropok behin eta berriro konpondu eta adabatzen ziren.
Familiaren gainetik auzoa zegoen. Eta etxetik kanpo bizi zen senitartea baino are garrantzitsuagoa zen, lurralde berean bizi eta ardura eta kezka bertsuak zituztenez gero, interes berdinak baitzituzten auzokoek. Gainera, etxeak ematen zien auzotasuna eta ez abizenak: auzokoak baserriaren izenaz ezagutzen zituzten besteek, horregatik lotura estuagoa zuten euren artean beste leku batzuetako ahaideekin baino.